Izaera eta historia

Mundu zabaleko idazleen elkarte honek, leku guztietako idazleen arteko adiskidantza eta lankidetza sustatzea du helburu, kideek edozein ikuspuntu politiko edo bestelakoa badute ere. Elkartearen jomugak dira adierazpen askatasunaren alde borrokatzea, eta erregimen zapaltzaileak -eskuin muturrekoak zein ezker muturrekoak izanda ere- pairatzen dituzten idazleak defendatzea.

PEN politikoki independentea da guztiz. Gobernutik Kanpoko Erakundea da eta UNESCOrekin kontsultarako harreman informalak ditu.

Zentroek osatzen dute PEN erakundea. Zentro bakoitzak beraren kideak ordezkatzen ditu, ez ordea, bere herrialdea. Kualifikatutako edozein idazlek dauka kidea izateko aukera, nazionalitatea, arraza, kolorea edo erlijioa edozein direla ere. Zentro bakoitzak ezartzen ditu kide izan ahal izateko baldintzak, horretarako autonomoa delarik.

PEN siglak, jatorriz, Poets, Playwrights, Essayists, Editors eta Novelists (poetak, gidoigileak, saiogileak, editoreak eta nobelagileak) hitzak hartzen zituen, baina, gaur egun, edozein motako idazleak, kazetariak, itzultzaileak, historiagileak edo literaturaren beste arlotan aritzen diren profesionalak izan daitezke kideak. Kide guztiek PEN Gutuna sinatu behar dute. Horrela, beraz, bertako arauak betetzeko konpromisoa hartzen dute.

International PEN, C.A. Dawson Scott idazleak sortu zuen Londresen 1921ean, eta berehala zabaldu zen mundu osotik, gaur arte. International PENek 15.000 kide ditu, gutxi gorabehera, 141 Zentro eta 100 herrialdetan banatuta (www.internationalpen.org.uk). Herrialde bakoitzean Zentro bakarra egon ohi da, baina herrialde batetan hizkuntza edo literatura bat baino gehiago badago, orduan hizkuntza bakoitzeko idazleek berezko Zentroa sor dezakete, beti ere, bost zentroko muga izanda. Gerta daiteke ere Zentro bat baino gehiago egotea hedadura handiko herrialdeetan. Bost zentroko muga gainditzekotan, idazle taldeek dagoeneko dauden Zentroetako adarrak sor ditzakete.

PEN goreneko organoa, Ordezkarien Asanblada, Zentro bakoitzeko bat edo bi ordezkarik osatzen dute, eta urtean behin PEN Zentro batek antolatutako biltzarrean biltzen da. Aipatu biltzarretan ere saio literarioak egoten dira, zeinetan kide guztiek har dezaketen parte.

PEN ez da sindikatu bat, eta ez da literatur agente gisa aritzen. PEN bada foro bat, non idazleak aske batzen diren egindako lanaz eztabaidatzeko. Bada ahots bat, haien herrialdeetako gobernuak kritikatzeagatik edo onarpenik ez duten ikuspuntuak argitaratzeagatik espetxeratuak izan diren edo jazarpena bizi izan duten idazleen alde aritzen dena.