Kazetari kurdua erbesteratzera behartu dute [2012/01/21]
Eser Uyansiz, kurduerazko Azadiya Welat egunkariko zuzendari ohiak, erbesteratu behar izan du, Turkiako polizia etxera bila joan baitzaio. Adierazpen askatasunaren aldeko guztiontzat zorionez, ez zegoen han eta Turkiatik irtetea lortu zuen. Baina horrek ez du gutxitzen etxea eta herria uztearen tragedia, onartezina 2012an kazetariak horretara behartzea.
Eser Uyansiz Euskal PEN Klubaren eta Durangoko Azokaren gonbitarekin etorri zen Euskal Herrira 2012ko abenduan, herri gonbidatua Kurdistan izan baitzen. Euskal PENen Idazluma jaso zuen Azadiya Welaten izenean, kurduera babestu eta hobetzen egiten duten lan bikainagatik, eta oinarrizko hizkuntz eta kultur eskubiderik gabeko milioika kurduri egunero egunkaria emateagatik eta haien hizkuntzan informatzeagatik, kazetari batek pentsa dezakeen egoerarik gogorrenean. Atxiloketak, mehatxuak, kazetari eta egunkari-saltzaileen hilketa, eta egunkariaren behin-behineko itxierak; horrelako muturreko egoeran egin behar dute lana Azadiya Welat-eko langileek -eta beste hainbat kazetarik eta idazlek. Ez litzateke onartu beharko, demokrazia eta giza eskubideak eskatzen dituzten milioika musulmanen eredu ei den herrialdeak era horretan jokatzea bere herritarren aurka.
Euskal PEN Klubak, berriz ere, dei egin dio Turkiari adierazpen askatasunaren aurkako erasoak gera ditzan, kazetari guztiak aska ditzan (Euskal PENek bere begiz ikusi zuen Uyansizen aurreko zuzendari zen Vedat Kursun 166 urtera zigortu zuen sasi-epaiketa, mende eta erdi baino gehiago arma bakarra idazluma zeukan pertson batentzat), eta Turkiako Errepublikako herritar guztien adierazpen eta hizkuntza eskubideak berma ditzan.