Albisteak

Des-Kontrol musika taldeko kideak jipoitu dituzte [2010/01/28]

BERRIA egunkariak plazaratutako albistearen arabera, Arrasasteko (Gipuzkoa) Des-Kontrol musika taldeko kideek erasoa jasan zuten ostiral gauean Barakaldon (Bizkaia), kontzertu bat ematera zihoazela. Taldearen inguruko iturriek agertu dutenez, gaueko hamaikak inguruan gertatu zen erasoa: taldeko kideak oholtza gainera igotzera zihoazela skin estetetikaz jantzitako jende talde handi samar bat hurbildu zitzaien eta jipoitu egin zituzten. Erasoaren ondorioz taldeko kideetako bat San Eloy erietxean ingresatu behar izan zuten buruan zauria zuelako. Beste batek besoa apurtuta du eta buruan zauria du beste hirugarren batek ere.((Kazetak adierazi duenez, Des-kontrol taldea salaketa eta erasoen jomuga izan da lehendik ere. RASH (skinhead gorri eta anarkistak) mugimenduak "nazia" izatea egotzi izan dio, eta hori izan da arazo horien guztien iturburua. Des-kontrolek ukatu egin du behin eta berriz nazismoarekin edo faxismoarekin zerikusirik duela. Hain zuzen ere, beren aurkako salaketa horiei aurre egiteko Hipokrisia eta faxismoaren aurka diskoa plazaratu zuten 2008an Fermin Muguruzak aholkatuta. Xabier Silveira bertsolariak, Garik, Iñigitok (Etsaiak), Dieguillo (Quemando Ruedas eta Cicatriz), Jul Bolinaga (RIP) eta Nikok (MCD) parte hartu zuten, besteak beste, diskoan.

Bestalde, Des-Kontrol taldeko kideek komunikatu bat kaleratu dute gertatutakoaren berri emateko. Horren arabera, orain dela bizpahiru aste ezezagun batzuek San Vicente auzoko jai batzordera jo zuten Des-Kontrol taldearen kontzertua bertan behera uzteko esanez. Antolatzaileak zalantzan egon ziren zer egin, baina, gerora, aurrera egitea erabaki zuten. Guri ere galdetu ziguten, eta kontzertua egitearen alde agertu ginen. Afaltzen geundela, antolatzaile batek jakinarazi zigun txosnagune inguruan 50 bat pertsona zain genituela taldekoei kontra egiteko asmoz. Ez genuen sinistu horrenbeste izango zirenik, eta are eta gutxiago gu erasotzeko asmotan etorriko zirenik. Bakarrik probokatzera etorri zirela pentsatu genuen. Txosnagunera joateko korridore antzeko batean aurkitu genituen eta han gutako bati zuzendu ziren. Berak ezer esan aurretik, atzetik burdin barra batekin buruan jo zuten eta lurrera jausi zen. Jarraian, besteoi gauza bera egin ziguten. 50 bat izango ziren, batzuk aurpegia estalita, burdinazko barrekin, botilekin, ukabil amerikarrekin, ostikadak lurrean geundela... Oso azkarra izan zen guztia, eta oso ondo planifikatuta zuten guztia. Gainera, gero konturatu ginen kontzertuko beste sarreran ere beste batzuk zain zeudela erasotzeko eta haiei laguntzeko. Batzuk anbulantzian eraman gintuzten eta beste batzuk bere kabuz jo genuen ospitalera. Han ezezagun horiek eraso zituzten lauzpabost gaztetxo zeuden. Gazte horiei eta haien senideei elkartasuna adierazi nahi diegu. Gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu. Eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu une larri horietan lagundu gintuztenei ere!.

Amaitzeko, Des-Kontrol taldeko lagunek adierazi dute ez dutela zer justifikaturik. Gure jarrerak eta konpromisoak egunerokotasunean erakusten dute hori. Justifikaezina eta epaitu beharrekoa da erasotzaile horien jarrera/i>.

Euskal PENek ere salatu nahi du Des-Kontrol musika taldearen kontrako erasoa. Halaber, elkartasuna adierazi nahi die taldekide guztiei.





  Atzera