Albisteak

Asel Luzarragaren egoera, atxilotua izan eta hirugarren astera. [2010/01/25]

Asel Luzarraga, euskal idazle, musikari eta itzultzailea, Padre Las Casas hirian (Temuco-Txile) izan zen atxilotua 2009ko abenduaren 31n, bere etxean zegoela.

ASEL ASKE kolektiboak urtarrilaren 8an eman zituen aditzera atxiloketaren inguruabarrak, txiletar agintariek egiten zizkioten salaketak, prozesuaren hasieran gertatu ziren bidegabekeriak, eta atxiloketa honek bai Euskal Herrian bai Asel bizi izan den beste zenbait herrialdetan - Txilen eta Argentinan, esate baterako - sorrarazia zuen elkartasun-mugimendu zabala (ikus webean argitaratutako dokumentua).

Luzarragaren atxiloketaz geroztiko hirugarren astearen buruan, eta hasierako durduzamenduaren ostean, denok bat gatozen zenbait gogoeta egin nahi genituzke kolektiboa osatzen dugun kideok:Aselen haurtzaroko lagunok, unibertsitateko ikaskideok, ikasle-ohiok, kolega internautok, kontzientzi eragozpeneko taldekideok, talde anarkistetako adiskideok, musikari eta idazleok.

1.-
  • Erabat ziur gaude Asel Luzarragaren errugabetasunaz. Lehen-lehenik, berak hala esan digulako. Bigarrenik, ezagutzen dugulako: Asel beti borrokatu izan da, hitzez eta egitez, bortxa-ezaren alde. Eta halaxe jakinarazi izan du, behin eta birritan, bai atxilotua izan aurretiko bere izkribuetan, bai espetxetik idatzi dituen adierazpenetan.

     

    2.-
  • Atxilotua izateko benetako zergatia Txileko herri maputxearen kausaren alde garatzen diharduen jardunbide baketsua da. Bere ibilbideari leial, Asel Luzarragak atxikimendu sakona erakutsi du beti pertsona, talde eta herri zanpatuenganako, baita jarrera irmoa ere bidegabekeriazko egoeren aurrean. Beraren hitzen bidez esanik:
    "Hego Amerikara nire bidazti-izpirituak ekarri ninduen, literatur lehengaien bila beti ere, eta apur-apurka jabetu ere bai zenbat dagoen eginkizun kontinente honetan, europar kolonialismoak eragindako desoreka latzek oraindik hain gogor zigortua berau. Temucon, zehazki, gazte eta helduentzat elkar-ikaskuntzako tailer doako bat sortzeko asmoa nuen, eta dut oraindik ere, zeren eta besteei, bereziki - enpresa-ikuspegi klasikoaren arabera - sistema honek giza baliabide baztergarritzat atxikitzen dituenei, nork bere burua eskaintzea, horixe baita berdintasun ekonomiko, sozial eta politikoaren eraikuntza-bidean (lehena gabe, besteak ezinezkoak izaki) benetako adreiluak paratzeko modu bakarra."
    3.-
  • Ez da honako hau lehen aldia, intelektual bat, bertokoa nahiz atzerritarra izan, beren lurra berreskuratzeko borrokan ari diren herri indigenen aldeko jarrera hartzeagatik, balizko zeinahi delituz salatua denekoa. Kasurik nabarienetako bat Elena Varela zinemagile txiletarrarena dugu, erailketaz eta banku-lapurretaz salatua, berez , herri maputxearen errealitatea filmatzen ziharduelako, jarduera hori agintarientzat deserosoa gertatzen zelako soil-soilik. Varela, zeinarentzat Fiskaltzak 15 urteko espetxealdia galdatzen baitu, datorren martxoan epaituko dute, eta Asel Luzarraga apirilean.
  • 4.-
  • Arrazoimena nagusituko dela espero dugu, eta beraz, Asel Luzarragaren epaiketan barrena, banan-banan indargabetuz joango direla beroni egiten zaizkion salaketa guztiak, inolako oinarririk ez baitute. Izan ere, egozten dizkioten lau atentatuetatik bitan parte hartu izana guztiz ezinezkoa dela objektiboki frogatu denez gero (pasaporteak garbi erakusten baitu data haietan Txiletik at zegoela), murriztu egin da Fiskaltzaren hasierako salakuntzaren edukia.
  • 5.-
  • Pentsatzen dugu Asel Luzarragaren aurkako kasua adierazpen-askatasunaren aurkako eraso argi eta garbia dela, herri maputxearen kausaren aldeko haren hitzak eta jarrera-hartzea botereari gaitzitu egin zaizkiolako. Leporatzen dizkioten delitu-ekintza horietan inkriminatzeak ez du inolako funtsik, eta espero eta desio dugu egia gailenduko zaiela, lehenbailehen, salaketa faltsu eta erabat burugabe horiei.
  •  


    ASEL ASKATU!

    Bilbo-Euskal Herria, 2010ko urtarrilaren 22a




  Atzera