Albisteak

Mundo osoko elkartasunezko mezuak jaso ditu Asel Luzarragak [2010/01/14]

Asel Luzarraga idazle eta PENkideak bi aste eman ditu jada Txileko Temukoko kartzelan. Zenbait iturrien arabera, ez du jaso torturarik edo tratu fisiko txarrik, hala ere, Euskal PEN Klubak jasotako informazioen arabera ezin daiteke esan tratu ona ematen diotenik ere: kanpoarekiko harreman telefonikoa moztuta du (isolatuta sentitzen da), zikinkeria nagusi da kartzelan eta deklarazioa egitera eramaten duten bakoitzean buzoa eta txalekoa jantzita daramate, bilurak ipinita eskuetan eta oinetan (apenas ibili ezin duela), polizia mordoa inguruan metrailetaz, eta gaizkile arriskutsua delako irudia eman nahi dute. Gogoratu beharra dago, bestalde, atxiloketaren unean ere 20 bat karabinero sartu zirela etxean armaz josita.

Abokatu berria

Berriki jakinarazi da Jaime Madariaga izango dela hemendik aurrera Aselen abokatu berria. Aurreko abokatuarekin zenbait txarto ulertze jasan ondoren, familiak Madariaga izendatzea erabaki du.

Beste alde batetik, etengabeak dira, Euskal Herrian bereziki, baina baita Argentinan eta Txilen ere, Luzarragak jasotzen dituen elkartasunezko mezuak. Idazleen artean honako hauek aipatu daitezke: Ariel Dorfman, txiletarra, Bake Nobel Sariduna Adolfo Perez Esquivel, Caritas... zerrenda luzea da. Bestalde, Aselengandik hurbil dauden kolektiboak ere (blogariak, kontzientzia eragozpenaren aldeko mugimendua, punkiak, anarkistak, musikariak, idazleak, PEN zentroak) euren nazioarteko harremanak mugitzen ari dira eta dozenaka artikulu idazten ari dira hainbat hedabideetan.

Kasuaren gaineko eguneroko informazio zehatza jaso ahal izateko ASEL ASKE kolektiboak kudeatzen duen web gunera jo daiteke.

Argazkian, Argentinan egindako konzentrazioa, Txileko enbaxadaren aurrean.



  Atzera