Bilboko Udalak Pirritxi eta Porrotxi ezarritako betoaren kontra azaldu da Iñigo Lamarka EAEko arartekoa [2009/11/20]
Joan den uztailean, Pirritx eta Porrotx pailazoak berriro ez kontratatzea erabaki zuen Bilboko Udalak.
Ez da baina Azkuna alkateak eta bere gobernu taldeak Pirritxi eta Porrotxi betoa ezartzen zaien lehen aldia. 2001ean, Aiora Zulaikak (Pirritx), Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) zinegotzi zela, Froilan Elespe zinegotziaren hilketa gaitzetsi ez zuela-eta, PPk Iñaki Azkuna alkateari eskatu zion ez gehiago kontratatzeko Pirritx eta Porrotx pailazoak. Eskaria onartu zuen alkateak, eta iragarri ez zituela gehiago kontratatuko. Urte hartan, pailazoek Bilborock aretoan zeukaten emankizuna bertan behera utzi zuen Udalak. Azken urteetan, baina, pailazoak normaltasunez aritu dira Bilbon, Casilla kiroldegian, Udaleko Euskara Sailaren laguntzaz.
Bilboko Udalak Pirritx eta Porrotx pailazoak kontratatzeari betoa jartzeko funtsik ez dagoela argudiatu du oraindik orain EAEko ararteko Iñigo Lamarcak. Haren arabera, pailazoen ikuskizunaren edukiak eta haien curriculuma hartu behar dituzte kontuan erakunde publikoek, ez besterik. Hartara, ez du bidezko jo ezarritako betoa: «Ez da onargarria (...) legezko baldintzak betetzen dituzten profesionalak kanpoan uztea herritar gisa dituzten ideiengatik, jarduerengatik edo portaerengatik».
BERRIA egunkariak jaso duenez, arartekoaren arabera, alkateak ez du zuzen jokatu, jarduera profesionalaz haragoko irizpideak erabili dituelako betoa ezartzeko. «Erabakiak ez dira hartu behar kontratatu nahi den artista, pertsona gisa, bere ideia, jarduera edo portaeragatik gustukoa delako edo ez delako». Halaber, gogorarazi du jardun horiek zigortzea, izatekotan ere, legeari dagokiola.
Euskal PENek ere salatu nahi du Bilboko Udalaren jarrera. Pirritx eta Porrotx pailazoen jarduna eszena-munduaren barruan kokatzen da, antzerkia edo dantza bezala. Ezin da juzkatu harekin zerikusirik ez duten irizpideekin.
Euskal PENen ustez, Bilboko Udalaren argudioak Pirritxen eta Porrotxen emankizunak Bilbon eragozteko erabat arbuiagarriak dira.